2025eko maiatzaren 6tik 14ra egingo da Pantailak Euskarazek antolaturik, bigarren #PANTAILALDIA. Euskaraldiaren bueltan, ekimen honek helburu bikoitza izango du: batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea, eta bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utzita erakundeak euskararen aldeko pausoak ematera gonbidatzea. “Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu!” izango du aurtengo leloa.
Mota guztietako pantailetan (Telebista, streaming plataforma, zinema, sare-sozial, bideo-joko)
euskarazko edukiak erabili, kontsumitu, edo sortzeko erronka da Pantailak Euskaraz-ek herritarrei egin diena, alegia, hamar egunez pantailetan ere euskaraz bizitzeko erronka.
Edozein herritarrek izango du #PANTAILALDIAn parte hartzeko aukera. Herritarrei goian aipaturiko erronka betetzea eskatuko zaie, eta haien bizipenen berri sare sozialetan zabaltzea #pantailaldia traola erabiliz. 2022an egindako lehen edizioan 500 herritarrek eman zuten izena, eta ondoren egindako ikerketak erakutsi zuen horietatik % 77k euskarazko beste baliabide batzuk ezagutu zituela, eta % 64k edukiak sortu eta kontsumitzerakoan zituen hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan zuela. Aurtengoan parte-hartzaile kopuru hori gainditzea izango da erronka.
Informazio gehiagorako jo pantailakeuskaraz.eus-era